Gutaz


Imagen1


Imagen2


Imagen3

GUTAZ HITZ BI


Oñatin 45 urte daramatzagu Eskola Kirola antolatzen eta sustatzen. Milaka ikasle, guraso, boluntario eta langilek hartu dugu parte programa honetan eta guzti hauei esker bizirik eta indartsu jarraitzen du Eskola Kirolak gaur egun ere.


Azken 3 urteetan, hausnarketa prozesu baten murgilduta egon gara. Herrian hezkuntzari eta kirolari lotuta dauden eragile askok hartu dugu parte eta azkenean iritsi da unea Eskola Kiroleko proiektu berritua martxan jartzeko.


Herriko 3 ikastetxeok bat egin dugu OÑATIKO ESKOLA KIROLA ETA HEZKUNTZA ELKARTEA izeneko egitura propioan. Udalaren babesarekin eta Gipuzkoako Aldundiak ezartzen duen markoaren barnean, herriko gazteei kalitatezko kirol hastapen eredu aberats bat sustatzeko asmoarekin sortu da elkartea.

PROIEKTUAREN ERABERRITZEA


2014-15 ikasturtean, Kirol Management enpresaren gidaritzapean, Oñatiko Kirol Plana lantzen hasi zen Oñatiko Udala. Horretarako, herriko kirol errealitatea aztertu zen eta analisi hau inflexio puntu bilakatu zen Eskola Kirolaren etorkizunerako.

Proiektuaren hainbat indar-gune eta gabezia azalerazi ziren azterketa honetan.

Indar-gune bezala, parte hartze orokor oso altua (%81), nesken parte hartzea mutilen adinakoa izatea, euskararen erabilera eta herriko hiru ikastetxeak batera lanean aritzea behatu ziren.


Ahulezietan berriz, parte hartzea oso desorekatua (asteburutan %78,5 eta astean zehar %19,5 bakarrik), eskola kiroleko proiektu eza eta ikastetxeek kirol proiekturik ez izatea nabarmendu ziren.

Testuinguru honetan, indar-guneak mantentzeko eta ahuleziak iraultzeko asmoarekin eskola kiroleko proiektua berritu dugu.

Oñatin eskola adinean dauden ikasleen heziketa integrala lortzeko Eskola Kiroleko egitura bat sustatzea


Proiektuaren helburuak


Eskola Kirolaren bitartez ondorengo helburuak bilatu nahi ditugu:
1. Ikasleen heziketa osoa sustatu.
2. Balioak sustatu kirolaren bidez: errespetua, lankidetza, talde-lana, konpromisoa, ardura, auto-kontrola, ...
3. Euskara bultzatu eta erabili eskola kirolaren bidez.
4. Kirol modalitate desberdinak ikasi eta ezagutu.
5. Kirolean jardunez gozatu.
6. Bizimodu osasungarria sustatu: garbitasuna, kirol jardun jarraitua, ...


Sustatu nahi ditugun balioak


Elkarteak ondorengo balioekin egingo du lan:
> Unibertsala
> Berdintasunezkoa
> Integratzailea
> Eskuragarria
> Iraunkorra



Logoaren azalpena

Elkartearen egitura


Elkartea Gobernu Batzorde batez eratuta dago eta bertan ikastetxe bakoitzak 3 ordezkari ditu (Koordinatzaile bat + 2 ordezkari). Horrela, ikastetxe guztiek pisu berdina daukate elkartean.


Ikastetxe bakoitzak ardura bat dauka elkartean; lehendakaritza Urgainek, idazkaritza Txantxiku ikastolak eta kontu hartzailetza Elkar Hezik. Ardura hauek txandakatu egingo dira 3 urtean behin.


Elkartean hartu beharreko erabakiak Gobernu batzordean hartuko dira. Egunerokotasuna kudeatzeko eta koordinatzeko (asteroko jardunaldi eta saioak eta abar) ardura berriz, koordinazio mahiarena izango da.


Hastapen eredua


Oñatiko Udalak sustatuta eta herriko kirol eta hezkuntza eragileekin elkarlanean, kirol hastapenerako eredua zehaztu da. Herriko gazteak kirolean nola hasiko diren zehazten du ondorengo taulak:


Imagen

ESCUELA DEPORTIVA OÑATI
Bidebarrieta kalea 2, 20560 Oñati
onatieskolakirola@gmail.com
Colaboradores